XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Torrealdayren beraren Hitzaurre gisan hau irakur dezakegu: .

Hor datza hauziaren gakoa: beldur naiz Torrealday, zailtasun hori aitortu ondoren, ez ote den (halabeharrez seguru asko) zenbait puntutan mekanikokiegi eta mimetikokiegi lotu kultura hazientzat burutu den analisi-aztergailu bati.

Adibide niretzat nabarmenena jartzeko: liburuen sailkaketarako, UNESCOren Gomendioa erabiltzen da.

Ene ustez, Pello Errotaren bertsoak eta Urkizuren Sekulorun Sekulotan sail berean sartzera behartzen duen klasifikabide bat ez da euskal liburugintzarako pentsatua izan.

Europako kultura hazietan, zeintzuetan, adibidez, liburugintza herritarraren pisua produkzio osoari buruz baztergarria gertatzen baita, UNESCOren Gomendioa azterketa-tresna erabilgarria dateke, baina euskara idatziaren norabidea eta gure kultur dinamikaren hainbat alde funtsezko argitzeko guztiz desegokia gertatzen da.

Egoera normal batera heltzea guztion desira da, baina ez gara normaltasun horretara lehenago helduko jadanik egoera normal horretan bageunde bezala arituz.

Are gehiago, hainbat urtetan Europatik urrun ibiltzeko azaldu dugun joera okerra salatzeak ez gaitu bultzatu behar europar homologazio batetan gure eskasien salbabidea ikustera.

Joxe Azurmendik Euskaldunari benetan lau izarreko hitzaurrean dioen bezala (eta ez bedi harri irakurlea Zorion ustela-ko Herria, euskara, literatura eta horrelako batzuk artikulua funtsean hildo beretik doala ikustean), gure helburua euskal nazioa da, eta horrek, delako hitzaurrean bertan adierazten denez, kultur estrategi programa oso bat suposatzen du, bere ondorio guztiekin.

Puntu hau alde batera utzirik, lana interesgarria da aditzera ematen dituen idazle-eritziei dagokienez, denok gutigorabehera (enpirikoki, egileak dioen bezala) ezagutzen genuen errealitate bat sistematurik eta ahal zen neurrian zenbakiturik, koantifikaturik ematen zaigun aldetik.

Eta guztiz interesgarria saioak aportatzen duen lan objetibo azpimarkagarrian: mapa, taula, piramide, estatistika eta, bereziki, hainbat gerolanen oinarri finko gerta daitekeen euskal liburuen katalogo orokorrean (1937-1976).

Dena dela, hainbat kontzeptu ez dira behar adina zehaztu edo argitu.

Adin-piramidetan, adibidez, ni behintzat ez naiz ongi jabetu garai bakoitzean zein hartzen den garaiko idazletzat: 1954ekoan, 20-24 urte dituzten 21 idazleetatik ez dirudi guztiak ordurako idazle zirenik.